Oroimena, egia, barkamena izeneko Prentsa Oharraren bidez Bilbo, Donostia eta Gasteizko gotzainek “1936. eta 1937. urteetan gerra irabazi zutenek hil zituzten hamalau apaizei oraindik zor zaiena” eskaintzeko gogoa jakinarazten dute; “ahaztuak edo baztertuak izan direnei duintasuna aitortu eta beren etxeko eta sendikoen mina arintzen” lagundu nahi dute.
Izan ere, baztertuak izan ziren ez bakarrik 498 “martiri” izendatutako zerrendan baizik eta - Herriaren aldeko pastoral zereginetan aritzeagatik erailak izan zirela kontutan hartuta, askoz ere mingarriago dena – beraien euskal eliz barrutian, gure Gotzainek aitortzen dutenez. Berandu datorren arren, beharrezko eta garrantzitsu deritzogu Gotzainen aitormen honi.
“Eraildako” hamalau euskal apaizen aldeko Oharraren garrantzia azpimarratu eta gero, “gorrotoaren eta mendekuen biktima izan ziren exekutatu guztiak”, bereziki, kontutan hartu nahi ditugu, gure Gotzainek ere gogoratzen dituztenez. Euskal Herriaren alde bide ezberdinetatik aritu ziren milaka pertsonen oroimena nabarmendu nahi dugu; era guztietako errepresioak jasan zituzten Herri baten identitatea herrialde guztietan, Nafarroa barne, ezereztu nahiean ari zen erregimenaren aldetik.
Izan ere, asko izan ziren fusilatuak, espetxeratuak, pertsegituak, erbesteratuak eta estigmatizatuak, ehundaka apaiz horien artean, Estatu frankistarekiko leial azaldu zen Eliz Hierarkiaren isiltasun konplizea eta sostengu laguntzailea tarteko izan zelarik. Horregatik, bada, “oroimenaren garbiketarako eta egia zerbitzateko” uste dugu beharrezko dela legezko erregimenaren kontrako altxamendu militarrean garaile gertatu zirenen injustizia historikoa eta, bai gerra garaian eta bai gerraondoan, beraien Herriarekiko leial azaldu ziren euskaldunen kontrako pertsekuzio krudel eta ankerra salatzea. Horrela egin zuten, besteak beste, “Memoria dirigida a Pio XII por parte de varios miembros del clero vasco” dokumentuan (1944) eta Mateo Mujikak, bere erbestealditik “Carta abierta al presbítero Dn. José Miguel de Barandiarán. Imperativos de mi conciencia” gutunean (1945).
Gure Gotzainek ausardiaz eta zintzotasunez bere gain hartzen duten “hutsegite eta erruen” aitorpenak bere eskubideak defendatu zituen Herriaren kontrako gerraren kausak eta urte luze eta atsebaketsuetan umiliatua eta mespretxatua izan denaren egoera salatzea eskatzen du ondorioz. Horelaxe egin zuten, Hierarkia isilik zegoen bitartean, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 339 apaizek izenpetutako idazkian (1960) ; beraien kontzientziak eta erantzukizun pastoralak bultzatuta egin zuten eta, halaz ere, Elizak berak zigortu egin zituen. Salaketa hau behin eta berriz errepikatu izan da, gaur arte, lau herrialdeetan, hainbeste pertsonari sufrimendua eragiten dizkioten gatazkaren sustraiak bere horretan dirautenean; iraganaldiko errakuntzetan berriz ez erortzea, lerraturiko jokabideak ekiditea eta Euskal Herriko Gotzainek Preparar la paz (2002) izeneko gutun pastoralean errepikatzen zutenez, “ez indar itsuaren ala legearen agintekeria hutsez… baizik eta elkarrizketa eta akordioaren bidez” konponketa bilatzea eskatzen da.
Beste ekintza batzuen artean “hileta-elizkizun bateratua” burutzea proposatzen dute Gotzainek beraien Oharrean; itxaroten dugu elizkizun horretan gogoan izango direla, era esplizituan, hainbeste laiko fusilatu, desagertu eta errepresiliatu eta halaber hainbat sufrimenduren injustiziaren salaketa. Hala ere, ekintza horretarako aukeratutako lekuan, Gasteizko katedral berria -Francok inauguratua- lehentasunezko tokian -erdiko gurutzadurako habeartean- dago oraindik erregimen diktatorial haren sinbolorik adierazgarriena. Hainbat lasterren ezabatua izan dadila eskatzen dugu eta, zer esanik ere ez, orain bertan estalia, deitutako ekintza honi Gotzainek eman nahi dioten “oroimenaren garbiketaren ezaugarri” bezala.
Gure Gotzainekin batera, justiziaren baitatik egia zerbitzatzea bilatzen dugu, bakea eta adiskidetzea eraikitzea. Lehengo eta oraingo biktima guztiei laguntzea. Barkamena eskaintzea eta barkamena eskatzea. Horrexegatik, hain zuzen, justizia eskatzen dugu bai pertsonentzat eta bai Euskal Herriarentzat eta ez bakarrik iraganean burututako injustiziengatik; orain bertan Euskal Herriaren egikaritze osoa eragozten duten zailtasun, oztopo eta ezeztapenengatik. Izan ere, Pablo VI.k aldarrikatu zuenez, “herri guztien eskubideak, autodeterminazio eta independentzia eskubidea horien artean izanik, behar bezala aitortu eta ohoratuak ez diren artean, ezin izango da izan bake egiazko eta iraunkorrik” (1974).
Eta Juan Pablo II.k: “ Talde etnikoei eta nazio-gutxiengoei diren bezalakoak izateko duten funtsezko eskubidea ukatzea da diskriminazio formarik lazgarriena. Eta horixe gertatzen da euren ezabatzea ala deportazioa saiatzen denean ala baita ere haien identitatea ezagutezina bilakatzeraino ahultzen denean”. (Bakearen aldeko mundu-ekitaldian. 1999).
Gure Gotzainekin eta beraien ekimenei lagunduz, oroimen eta justizia osorako urrats bezala, “orainaldi eta etorkizun berria nola eraiki ikastea” nahi dugu, Ebangelio askatzailearekiko zintzotasunez bakea erdiesteko.
IGORLEAK: Herria 200 Eliza, Kristau Elkarte Herritarak, EuskaL Herriko Apaiz Koordinakundea-ko izenean: Félix Placer, Carmen Anaut eta Gregorio Ubierna. Euskal Herria, 2009ko uztaila.
OPINIÓN POLÍTICA LOCAL, NACIONAL, REGIONAL, ESTATAL E INTERNACIONAL. EL UNIVERSO DE HERGÉ: TINTÍN. ATHLETIC CLUB DE BILBAO: OPINIÓN. ACTUALIDAD. MISCELÁNEA. HISTORIA. CIENCIA POLÍTICA. SOCIEDAD. COSAS DE BILBAO. COLABORACIONES. LIBROS. CINE Y MÁS.....
Ongi Etorri - Bienvenue - Bienvenido - Welcome - Benvingut - Benvido -Benveniu - Benvenuto - Willkommen - Boa Vinda - Yookoso - Karibu - الصحة - Bine ai Venit - Bem Vindo - Välkommen - Velkommen - Irashai - Добро - пожаловать - Welkom - Välkommen - רוך הבא/ ברוכה הבאה/ ברוכים הבאים - Καλώς ήρθες - Vítejte - Dobrodošli - Fáilte, Tá fáilte romhat - स्वागत - خوش آمدی! / خوش آمدید! - Deuit mad deoc'h - Wolkom - Ласкаво просимо - ยินดีต้อนรับ - Kaj Bonvenon Ankaŭ - Fiţi bineveniţi - Witaj - Tervetuloa.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario